27 febrero 2011

EAJ-PNV: “Indarrean eta bizi-bizi nahi dugu euskara Euskadiko udaletan”

Helburu honekin bukatu dira gaur Euzko Alderdi Jeltzaleak Sabin Etxean euskarari buruz burutu dituen jardunaldiak. Uri ordezkari jeltzale ugari parte hartu duten bilera honetan mezu argi bat ondorioztatu dute: “Indarrean eta bizi-bizi nahi dugu euskara Euskadiko udaletan”.
Jardunaldiko hizlariek azpimarratu dutenez, “Euzko Alderdi Jeltzalearen gizarte-proiektuaren muinean dago euskara. Ez da gure Herriaren hizkuntza bakarra, baina bera da hemengo hizkuntza propioa, eta ofiziala da, gaztelania bezala”.

“Beraz, hizkuntza propioa eta ofiziala, bai, hala da; baina urrun dago oraindik gaztelaniarekiko berdintasun soziala eskuratzetik, urrun Udal gehienen eguneroko jardunean behar eta merezi besteko bizi-indarra izatetik. Hori horrela dela, Euskadiko Udaletan Eusko Alderdi Jeltzalearen ordezkari izango diren gizon eta emakumeek ilusioz beterik eta indarberriturik eman nahi diogu jarraipena azken bizpahiru hamarkadetan udalez udal euskara biziberritzeko egin den lan eskergari”.

“Euskara indarberritzeko bidean aurrez aurre ditugun erronka zaharberrituei nahiz berriei sendotasunez eta ilusioz erantzuteko unea da. Konpromisoak hartzeko garaia da. 2011ko maiatzeko hauteskundeen ondoren eratuko diren udaletan alkate edo zinegotzi izango garen EAJren kideok arlo honetan ere konpromisoak hartu nahi ditugu, eta hartzera goaz, herritarren aurrean” gaineratu dute.

Jardunaldian izan direnak helburu bat lortzeko konpromisoa hartu dute: “euskararen erabilera bermatu ez ezik, sendotu eta arian-arian areagotu egin nahi dugu, bai udal-bizitzan, bai gure herrietako gizarte-bizitzan. Euskara eta gaztelaniaren arteko gaur egungo desoreka murrizten eta bi hizkuntzen artyeko berdintasuna gero eta handiagoa ahalbidetzen lagundu nahi dugu udaletan eta udaletatik”.

Konpromisoa hartu dute baita “euskara lan-hizkuntza gisa erabiltzeko bideak sustatzeko, eta ordezkari politikoen aldetik bide horiek inolako kasutan ez eragozteko eta euskararen presentzia udal-bizitzan, gaur egun nagusiki itzulpenari zor zaiona, gero eta handiagoa izan dadin euskarazko jatorrizko sorkuntzari esker”

No hay comentarios:

Publicar un comentario