28 noviembre 2009

Iñigo Urkulluren hitzaldia.

Bihar igarota, etzi bertan sartuko da indarrean Lisboako Hitzarmena, eta hori gertatuko da Berlingo harresia "erori" zeneko hogeigarren urteurrena ospatzen den aldi berean. Erreferentzia hau entzuten duzuenean, seguru bat baino gehiago harrituko dela, "zergatik?" galdetuko duzue. Ondo da, ez larritu, puntu horretara heltzea da nire asmoa.

Duela 106 urte Sabino Arana Sukarrieta herri honetan hil zenean, askok pentsatu zuten euskal abertzaletasunaren sortzailearen heriotzarekin, bere hasieran zegoen egitasmo hura ere itzali egingo zela. Kontuan izan behar dugu, egitasmo abertzalearen sorrera Guda Karlisten ostean Euskal Herriak bizi izan zuen etsipen egoeran eta BIzkaian hain arin garatu zen industrializazio prozesutik eratorritako ohitura eta nortasun ikurren aldaketak nagusi ziren aldian kokatu behar dugula. Baina..., egitasmoa bere sortzailearekin batera hil baino, ideia hura, ideia haiek zabaldu eta hedatu ziren. Eta, mendea baino gehiago igaro ondoren, hemen gaude, urtero gogoratzen dugun moduan. Ekinean, "Euskadi, euzkotarren aberria" delako goiburua etengabe defendatzen eta gauzatzen.

Aldi luze honetan, inperioak erori dira. Estatu batzuk sortu dira gero zatitu eta berriz ezerezetik asmatu egin direnak. Guda eta bake garaiak etorri dira bata bestearen ostean. Harresiak altxatu dira eta azkenean desagertzera ailegatu diren burdinazko hesiak ere egin dira; baina, "Berlingo harresiaren kasuan" jendearen borondateagatik erori da. Eta, aldi honetan, jazarriak eta baztertuak ere izan gara. Azkenean, askatasuna lortu dugu. Errautsetatik berriz sortu gara eta gure etxe berrirako egitura egin dugu Sabino Aranak "Euskadi Euzkotarren aberria da" esateko izan zuen indar ber-berarekin. *Hiru elementu izan ziren Sabino Aranak ereindako hazia ernetzeko
1.- Herria: Euskadi. Euskadi Euskal Herrian.
2.- Tresna bat : Euzko Alderdi Jeltzalea.
3.- Bide bat: Askatasuna eta demokrazia.

1- Herria, nazioa, Aberria: Euskadi. Hau ez da herrialde kontzeptu soila. Ez da kultura berezitu soila. Ez da bakarrik eskubide historikoak ditugulako. Ez da nortasunezko entelekia. Euskadi: Herria, Nazioa, Aberria, pertsonengan oinarritua. Gizartea osatzen duten banakako borondateen batuketa. Euskadi, izateko, erabakitzeko eta etorkizuna beren kabuz eraikitzeko eskubidea aldarrikatzen duten norbanakoen batuketa. Euskadi, era ezberdin batean pentsatzen eta sentitzen duten pertsonen batuketa. Gehiengo eta gutxiengoen inguruan,elkarrekin bizitzeko asmoa era ezberdin batean interpretatzen duten pertsonen batuketa. Herri honen oinarrian ez daude nortasunezko arrazoiak soilik, oinarri sendo honetan dago gaurko eta biharko erronkei elkarrekin ekiteko konpromiso bateratua. Beren interesak ezagutzen eta defendatzen, baina aldi berean gainerakoen arazoak eta interesak errespetatzen dituzten pertsonen herria. Herri honek globaltasunaren alde egin nahi du, baina bere berezitasunetik abiatuta. Euskadi herri honen grabitate zentroa, bertako emakume eta gizonen erabaki askean errotzen da. Herri modernoa eta eguneratua. Ez dute muga geografikoek ez buruko mugek lotzen. Ez dago menpean eta ez da inoren menpeko. Gaitasun osoa du bere etorkizuna erabakitzeko.

2- Tresna bat; Euzko Alderdi Jeltzalea. Alderdi hau, egitasmo hau eraikitzeko sortu zen. Helburu bakarra du: Euskadi. Horregatik, bertan sartzen gara herri honekin identifikatzen garen guztiok. Hauxe baino beste etxerik ez daukagula pentsatzen dugulako, eta gure egitekoa da eraikitzea, egokitzea, hobetzea eta defendatzea.
Euzko Alderdi Jeltzalea gaur, atzo izan zen moduan, euskaltzale ororen, abertzale guztien kanpamentu nagusia da. Herri hau eraikitzeko ezer pertsonala eman nahi duen pertsona bakoitzarentzat. Euskadi bere etxea izatea nahi duten emakume, gizon, gazte eta adineko, enpresari eta langileen topagunea. EAJ, gizarte hau mugiarazteko palanka politikoa izan da. Bertan bizi direnen kezka, arazoak, beharrizanak, ilusioak eta itxaropenak hurbiletik jarraitzeko sortu zelako. Eta 114 urteotan zintzo jokatu du bizitzeko, partekatzeko, laguntzeko eta euskal hiritargoa lideratzeko oinarri horrekiko. Tresna hau, eusteko horma izan da jazarpen eta totalitarismoa nagusi izan diren negu latz eta gogorretan. Eta udaberriarekin batera, autogobernurako eta instituzioak oinarritzeko zelaiak landu ditu, herri hau europar nazio garatuenen mailara eraman duen ongizaterako hazia erein du. Gaurko honetan, atomizazio politikoa, zatiketa eta kokapen berriak bilatzea bizi dugun honetan, lidergoa mantentzeko prest dagoela adierazten du, gainean dugun eta etorri ahal zaigun aldi berriari ekiteko. Alderdi honen aterki azpian eta babespean; gaur, abertzaletasunari hainbat izen emateko joera dugularik, tokia izan ahal dute giza eskubideei, askatasunari, demokraziari zor zaien errespetutik abiatuta, herri honen alde lan egin nahi duten guztiek. Ahaleginak batuta eta kenketarik egin gabe. Batasunez, indarrez, aniztasuna errespetatuz baina kausa baten alde egiteko kate maila garela oso argi izanik. Eta gure kausa, Euskadi da.

3- Hirugarren faktoreak euskal abertzaletasuna Euskadirentzako etorkizunerako aukera izatea ahalbidetu du, eta hori izan da orain arte ibili duen bidea eta etorkizunera begira ere ibili nahi duena: askatasuna eta demokrazia. Aldi honetan, abertzaletasun askok beren legezkotasuna galdu dute beren egiteko politikoa intolerantzia eta inposaketaren ibilbidetik eraman nahi izan dutelako. Nazioaren izenean, Aberriaren izenean, konta ezinezko izugarrikeriak egin izan dira, Jaungoikoa eta justiziaren izenean hainbatetan gertatu izan den moduan. Abertzalea izatea, aberria maitatzea da; eta, halakorik ez du egiten, ez du aberria maitatzen bere seme alabak ezabatzen, erailtzen, mehatxatzen eta beldurrarazten dituena.

Abertzalea izatea, Euskadiren aldekoa izatea, edo Javier de Landaburu Euzko Jaurlaritzaren Sailburua eta Agirre eta Leizaola Lehendakarien adinkidea zenak esaten zuen moduan, euskal Herriaren kausaren aldeko abertzalea izatea. Honi lotuta gogoratu nahi dizuet abenduaren 15ean bertan gogoratuko dugula 30 urte bete direla Euskadira bueltatu zenetik. Arestian, Alderdiaren aterkia eta babesa eskaintzen dugula, Agirre Lehendakariaren aterkia eta Leizaola lehendakariaren gabardina. Garaikoetxea lehendakariak haren eskuetatik jaso zituen Lehendakari izateko botereak eta honakoa esan zuen egun hartan "Leizaolak 1936 urtean preso zeuden pertsona asko askatu zituen. Hori azpimarratu behar da, inguruan hainbat borrero eta oztopatzaile ditugun garai honetan". Nik, berba hauei erantsi nahi diet, lan hura egin zela egiazko herri moderno eta aberatsa egiteko helburuarekin egin zela, Unibertsitatea aldarrikatzeko borroka egin zen eta industria babesteko ahalegina, kaltetua izan denaren erraiek esaten zutenaren gainetik . Ez da abertzaleagoa izango, bere helburuak dena ala ezer ez estrategiaren bidez lortu nahi dituena; zarataka, itxaropena eta baikortasuna baino, gatazka eta etsipena eragiten duena.

Hasieratik bertatik, Sabino Aranak berak, Euzko Alderdi Jeltzaleak berak ondo ulertu zuten euskal nazioaren eraikuntza fondoko lasterketa zela, ez zuten ezertarako balio erradikalismo antzuaren lasterbide edo formula magikoek. Abertzaletasuna fondoko lasterketa da, eraikitzeko prozesutzat jotzen badugu. Abertzale erradikal batzuek beren eskuak garbitu zituzten Franco Errepublikaren aurrean altxatu zenean, beren izate abertzale garbi haren arabera, hura espainiarren arteko gatazka zelakoan . Batzuek ere, III Reich-aren erasoan, germaniar potentziarengan euskal aberri berriarentzako "babesa" antzeman zuten.

Era berean, urte batzuk beranduago, batzuek armak hartu zituzten iraultza egiteko xedez, abertzaletasun jazarri eta erbesteratuaren utzikeria koldartzat jo zutenaren aurrean. Gaur egun, ez dakite nola amaitu, degeneratzeraino bere burua elikatu den zorgin gurpil armatutik eratorri den beren zorakeri kriminal hori. Lehenengo, independentzia izan zen; gero, autodeterminazioa eta sozialismoa. Beranduago etorri ziren Xiberta, Altsasu, KAS alternatiba. Ostean etorri dira negoziaketa, Alternatiba Demokratikoa, Anoeta, Loiola, Altsasu. Orain, beren ahultasuna ezkutatzen dute. Eta bihar...., espero dezagun ez dela aitzakiarik gehiago izango eta zentzugabekeria hau askatasun eta demokraziaren mende eror dadin.

Eta, hori gertatzen denean, Alderdi hau izango dute, beti bizitzaren errespetuaren aldean egon den aldean. Jakin izan du aurrera egin, urratsez urrats. Pausu bakoitzean, lurra irabaziz. Hiritargoaren oinarrizko beharrizanak baztertu gabe. Akordioak bilatuz. Batzuekin eta Besteekin, Beti, herriaren alde. Helburuak ahaztu gabe baina beti zoruari begira, estropezurik ez egiteko eta urratsak sendo emanez. Sabino Aranak krisialdi bizian zegoen herria aurkitu zuen. Etsita zegoen herria. Arlo ekonomikoan, kulturan, gizartean. "Konstituziotik eratorritako" normaltasun demokratiko" hartan makal zegoen herria. Gaur ere, herri hau krisian dago. Oso bestelakoa da gaur egungo krisia. Krisialdi ekonomikoa da eta berandutu baino irtengo gara, produkzio ehun moderno eta lehiakorra dugu eta ondo kualifikatutako giza baliabideak. Berdintze eta homogeneizazio arriskua dakusagu. Hezkuntzan, kulturan eta medioetan nolabaiteko "dotrinatzea" dago. Garai latzak dira euskaldunontzat, hezkuntza eredu eleaniztunarentzat. Garai txarrak, gure oinarrizko nortasun ikurrak diren ikurrinarentzat, kanpo ekintzarentzat, kulturarentzat. PSE-PP "fronteak", "normalizazio demokratikoa" hitzak erabiltzen dituzte garai honi izena emateko; banderen garaia, selekzio gorri-horiaren garaia, erregeen diskurtsoen garaia eta martxan zegoen herriak egindako aurrerapena atzera egiteko garaia, Canovasen Espainian gertatzen zen moduan. Hau dena gertatzen da gobernu batek edo gobernu aukera batek inoiz izan zezakeen medioen babesak lagunduta. Duela egun batzuk, Lopez Lehendakariak, itxurakerietan murgilduta, autogobernu markoaren berrikuntzarako prozesua zabaltzeko asmoa adierazi zuen. Baina, bere proposamenak ez zuen bi minutu eskas iraun. Bere kideak, orain, kide nagusitzat duen PP alderdiak berehala gogoratu zion "ez dagoela behar besteko adostasun mailarik "halako ekimena gauzatzeko. Galdera da: zein litzateke huts egindako erreformaren helburua?".

Erratuta dago EAJ autogobernuaz ahaztu dela pentsatzen duena. Praktikotasunaren alde eta oraingo instituzioen errealitatearen aurrean, EAJ autogobernuaz ahaztu dela pentsatzen duena, erratuta dago. Guretzat, autogobernua da egunetik egunera lantzeko zerbait eta erdietsi nahi dugun estatus juridiko politikoa. Gernikako Estatutua daukagu, Estatutu Politiko Berria mahaigaineratzeko oinarri gisa erabili izan dugun Oinarrizko Estatutua. Behin onarpena jasota, gure helburua zen erreferendumera eramatea, hiritarren beren iritzia eman zezaten. Gure asmoa da EAEko hiritargoa kontsultatua izatea. Eta ekimen horretan jarraituko dugu. Nafarroako Foru Erkidegoarentzat defendatuko dugun moduan eta Iparraldearen estatusaren alde egiten dugun modu berean. Zentzu horretan lan egiten jarraituko dugu. Euskal hiritarren borondatean oinarrituta, helburua euskal nortasunaren egikaritzea delarik, Estatuarekiko Hitzarmen Politikoan sakonduko duen proposamenarekin. Euskadik , euskal hiritar guztientzat ekonomia, gizarte, kultura eta instituzio mailako ongizatea osatzen duten gai guztietan osoko autogobernua izateko hitzarmena. Alde biko bermeetara lotuko den hitzarmena eta oraingo alde bateko mugaketa eragotziko duena.

Euskal Herria osatzen duten erkidego ezberdinen arteko lurraldetasun harremanak ahalbidetzea aurreikusiko duen Hitzarmena, bateko eta besteko hiritarren borondate asketik abiatuta. Euskadiren proiekzioa Europan eta mundu osoan ahalbidetuko duen Hitzarmena. Bai, Europan. Lisboako Hitzarmenak toki eta erregio dimentsioak marko juridikoan barneratzen dituen garai honetan. 1946 urte hartan Euskal Ordezkaritza osatu zutenen bidea jarraituta. Haiek, London hirian bildu ziren Bretainia Handiko Gobernuaren, Frantziar Inperioaren Defentsa Batzordearen - Frantzia Askea- eta AEBetako enbaxadaren aurrean aurkeztu zuten Europar Federazioaren gaineko memoranduma. Europako Iparraldea da gure erreferentzia nagusia, eta Europa izan behar da europar praktika legegilean subsidiariotasun (hau da, txikiak egin dezakeena, ez dezala handiak egin) eta proportzionaltasun printzipioaren aplikazioaren alde egiteko esparrua. Estatuen barruan legeak egiteko gaitasuna duten nazio eta erregioek ondorio loteslearekin kontsultatuak izateko eskubidea dute Batasunaren legeria egiteko orduan eta hori exijituko dugu. Horrekin guztiarekin batera, mugaz gaindiko eta erregio arteko lankidetzaren onarpen juridiko eta politikoa defendatuko dugu. Bide horretan jarraituko dugu. Horregatik ba, hogeita hamar urtetan egindakoa, lau urtetan desegiteko dagoen benetako arriskuaren aurrean, Euzko Alderdi Jeltzaleak, gure 114. mendeurrena ospatzean erakunde, talde eta elkarteei luzatu genien dei bera egin nahi dugu orain ere; helburu bera erdiesteko, bakoitzaren egitasmotik abiatuta eta giza eskubideak, askatasuna eta demokrazia errespetatuz, hau dena adostasunik lortu ezinik ari denari alternatiba bat eskain diezaiogun.

Beste batzuek bilatzen ez duten akordioa oinarritzeko abiapuntua. Inolako presarik gabeko prozesua, parte hartzailea, hauteskundeetako emaitzak bilatu gabe. Elkarrizketa zintzoa, kamara eta argietatik urrun eta egi absoluturik edo batzuen eta besteen azken desioa bilatzeko asmorik gabe. Herri bat osatzen dugun aldetik ditugun nortasun ikurrekiko konpromiso sendotik abiatuta, norbanakoaren eta talde baloreekiko inplikazioarekin eta partekatutako egitasmo politikoaren aldeko lanarekin. Euzko Alderdi Jeltzaleak, bere ibilbide luze eta zabalean, eta epe laburrean ere, ondo erakutsi du osokoa eta benetakoa dela konpromiso eta ulermenarekiko ekimena. Krisialdi ekonomikoaren aurrean, eskua eskaini genion lehenengo PSE alderdiari, gero Lopez Lehendakariari eta azkenean egonkortasunerako akordioa ere eskaini genien alderdi politiko guztiei. Akordio hau ardura osoz gauzatu dugu, guretzat herria gauza guztien gainetik dagoelako. Gure asmoa ez da desoreka bilatzea. Ez da, beraiek "normaltasun konstituzionala" izenarekin ezagutzen duten horren aurrean fronterik sortzea ere. Baina, ez gara besoak gurutzatuta geratuko hain gogor landu dugun autogobernua egunetik egunera indargabetzen eta baliogabetzen dela ikusirik. Egongo da proposamen hau gauzatzeko denbora, baina bai esan nahi dut ez dagoela ez inoren ez ezeren kontra.

Horiek dira esku artean ditugun landu beharrekoak. Gaurko honetan EAJ-PNVk euskal gizarte osoari egiten dio iratzartzeko deia. Iratzarri konbentzitzeko. Beste behin ere , "Euskadi, euskaldunon aberria dela" erakusteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario