06 octubre 2009

Erkorekak urriaren 16rako epea eman dio Gobernuari Kontzertua blindatzeko, aurrekontuak EAJrekin negoziatu nahi baditu

Josu Erkoreka Diputatuen Kongresuan Euzko Abertzaleak taldearen bozeramaileak urriaren 16an ezarri du gehienezko epea Gobernuak Euskal Kontzertu Ekonomikoa blindatzeko idatzizko konpromisoa har dezan, Estatuko Aurrekontu Nagusiak Euzko Abertzaleak taldearekin negoziatu nahi baditu.

Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan Erkorekak esan du Kontzertua ez bada blindatzen Eusko Legebiltzarrak proposatutako terminoetan, hau da, urriaren 16 a baino lehen eta osoko zuzenketak aurkezteko epea amaitzen denerako, Kontzertu Ekonomikoa blindatzeko idatzizko bermerik ez badago, EAJ-PNV ez da aurrekontua negoziatzera sartuko".

Kontzertua blindatzen bada, Estatuko aurrekontu orokorrei babesa ematearen truke hartzekoa "oraindik dago zehaztu gabe". Dena den, zehaztu egin du gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoan "kontra-prestazio ekonomiko handitan oinarritutako prezioa litzateke, euskal hiritarrak ikus zezan hemen badagoela inbertitzeko konpromiso serioa Euskadik krisitik ateratzeko aukera izan dezan, Euskadi gainerako beste herrialde batzuk baino egoera hobean egon dadin krisitik ateratzeko".