04 julio 2009


Iñigo Urkullu Gorbeian

Komunikabideren batek erraz dauka gaurkoan titularra emateko lana:
"EAJk mendirako bidea hartu du".

Mendira etorri gara, hori egia da. Baina, igo egin garen moduan bajatuko gara. Bakean. Besteekiko errespetua gorderik. Naturarekiko errespetua gorderik. Historiarekiko errespetua gorderik.

Honaino ez gara inoren kontra etorri, ez gara inolako probokaziorik egiteko etorri.
Lehenengo eta behin, milaka euskaldunok bizi izandakoari lotuta dagoen tontorra da. Eta, Euzko Alderdi Jeltzaleak gaur omendu nahi ditu, mendeetan zehar adierazgarria izan den toki honetan, duela 70 urte legearen eta beren herriaren alde bizia eman zuten guztiak.
Muino hauek, odoleztatuak izan ziren.
Herri honen duintasuna zaintzeko, beren bizia emanda esfortzu gorena egin zuten gudari haien odola.

Gorbeiako mendi lepo hauetan, beste toki batzuen izenean ere bizirik dirauen testigantzak ematen digu orain gure ekimen politikorako lasaitasuna eta indarra.
Lasai gaude, jakin badakigulako ezin izango dutela gure izpiritua isildu; ez lehen, ezta orain ere.
Lasaitasuna eta sendotasuna, gaurko honetan erakutsi izan dugun moduan. Izerdia botata, hainbatetan sufrimendu handiarekin, baina beti gure helmugara iristeko aurrera egiteko gogo sendoarekin.

Duela 114 urte, Euzko Alderdi Jeltzaleak, bere patua herri honen askatasunarekin lotu zuen. Egin izan dugu eta egiten jarraitzen dugu borondateak, ideia guztienganako errespetuak eta gure sinesmen irmoak lagunduta.

Hemen, tontor hau omentzeko jarri zen gurutze honen ondoan, milaka urteko historia duen herria begi bistan dugula, Euzko Alderdi Jeltzaleak, gaurko honetan , 2009ko uztailaren 4 honetan berresten du ez dagoela pertsona baten heriotza justifikatzen duen aberri, erlijio, ideia edo egitasmorik.

Hauxe da guk nahi dugun Euskadi.
Hauxe da bere iraganaz arro dagoen Euskadi.
Bere historiaz arro dagoena.

Tradizioari lotutako Euskadi. Eta hemen sentitzen dugun askatasunezko zurrunbiloa, lau haizetara zabaltzen da, gu etorkizun hobeago batera eramateko.
Etorkizun hobea toki guztietan, hemendik kilometro batzuetara, Santurtziko lur azpian, Metroaren bidez eguneratzen dena. Gure lur honen gorenetik lur azpiraino. Hauxe da gure aberria, gure herria.

Honaino igo gara gure bandera lagun izan dugula, ikurrina eskuetan. Guk Ikurrina ez dugu inolako garaipen militarra adierazteko jarri nahi. Gure Ikurrina hau, euskal hiritar gehienentzat da sentimendu zintzo baten ikurra.

Gure oraingo eta etorkizuneko konpromisoaren ikur bizia.
Euskadiren konpromisoa, grinaren gorria, askatasunaren gorria.
Itxaropenaren eta garapenaren berdea, gure jendearengan dugun konfiantzarena.
Eta, zuria da bakearen ikurra, begirunearena. Gure koloreak dira horiek. Gure printzipioak.
Euskadi ez da Perrexil irla, ez da bandera bat menderapenaren seinale gisa jartzeko irla estrategikoa.

Euskadi euskotarren aberria da. Eta hala izaten jarraituko du. Bortzakeriari Ez esaten dion Euzko Alderdi Jeltzaleak hitza ematen du.