17 junio 2009


EAJk Osakidetzan hiritar euskaldunen eskubideak berma daitezela eskatzen du
Eider Mendoza Larrañaga, Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos Taldeko legebiltzarkideak, Misto-EAk Osakidetzan Hiritar Euskaldunen hizkuntza eskubidea bermatzeari buruzko Legez Besteko Proposamenari aldatzeko zuzenketa aurkeztu dio.

EAJk uste du, "euskal hiritar bakoitzak Administrazioarekiko dituen harremanetan, EAEko bi hizkuntza ofizialak, euskara zein gaztelania, erabiltzeko eskubide osoa duela". Era berean, Eider Mendoza legebiltzarkide jeltzaleak, Eusko Jaurlaritzari gogorarazten dio, Gernikako Estatutuak berak, bere 6.artikuluan, eskubide hori argiro jasotzen duela hitzez hitz: "euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialaren maila izango du Euskal Herrian, gaztelaniarekin batera eta guztiek dute bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea".
Horrenbestez, EAJ Legebiltzar Taldeak, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari eskatzen dio, Osakidetzan, bai bertako langileen formakuntzan bitartez eta baita Lan Eskaintza Publikoen bitartez ere, hiritar euskaldunek euskaraz atendituak izateko duten eskubidea bermatzearren behar diren neurriak har ditzala, Euskeraren Erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretoari jarraituz.