23 mayo 2009

Asko dugu Europari eskaintzeko

Europar hauteskundeetarako EAJ-Europarako Koalizioaren hautagaiak gaur goizean Arrasaten aipatu du Gipuzkoako herri honetan sortu zen kooperatiba mugimenduak eragindako garapena. Bere hitzetan ekimen hau " Europarako ekonomia sozial eta baloredunerako eredua izan daiteke"". Izaskun Bilbao Barandicak azpimarratu du bere alderdiak defendatzen duen egitasmoak ezartzen duela " benetako ekonomiaren aldeko laguntasuna, garapenaren, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko apustua; baina, batez ere pertsonen aldeko apustu ekintzaile eta erradikaletik abiatzen da. Ez dago garapen ekonomikorik gizarte justiziarik gabe, eta honetan guztian Arrasateko kooperatibak eredu dira Europarako, hauxe da sinesten dugun eredua eta besteei eskaini ahal dieguna".

Bilbaok azpimarratu duenez "txiki eta hurbilenetik abiatuta, asko dugu Europari eskaintzeko "Hitz horiekin mintzatu da EAJ alderdiak europar batasunaren hasieratik beretik eta bere garapen osoan egin duen lanaz eta ekarpenaz; adierazi duenez, balore hauek " garapena eta gizarte justizia alegia, Euskaditik europar eraikuntzaren alde egin zuten pertsonen balore eta jokamoldeetan zeuden". Bilbaok Jose Antonio Agirre aipatu du , enpresa munduan Chobil Bilboko Txokolateak enpresan pertsonen neurrirako egin zuen garapen eredua eta gero politikagintzan egin zuena, lehenengo Diputatuen Kongresuan, gero Eusko Jaurlaritzan eta azkenean erbestean". Bermeoko politikariak gogoratu du horrela, "gauza horiek ametsen mundukoak zirenean, Agirreren langileek etxebizitza sozialak , ordaindutako oporrak, mozkinen zatia eta bestelako onurak zituzten, UGTren Idazkari orokor zen Santiago Aznarrek ere esan zuen horiek zirela garai hartarako jokamolde iraultzaileak "

Izaskun Bilbao Barandicak bere hitz egitean aipatu du politikagintzan jarduteko beste era baten alde egin duen aldarrikapena; ildo horretatik, hautesleekin harreman zuzen eta estua mantenduko duelako konpromisoa adierazi du " Europan beren kezka eta proposamenetarako atea izan nadin, lan gardena garatuko dut. Egitasmo bat argitaratu dugu eta egunetik egunera azalduko dut zelan garatzen dugun egitasmo hau. Sinesmen osoa dut jendearengan, beren jakindurian, pertsonengan; eta gaur ezin da politikarik egin entzuten jakin gabe eta boterea hautesle guztiekin partekatu gabe". Legebiltzarreko lehendakari ohiak baieztatu duenez " pertsonak ez daude arduragabe politikaren aurrean, politika egiten dugun eraren aurrean baizik" eta bere ustez aplikatu beharko lirateke enpresetan eta erakundeetan eraginkortasuna ematen duten berrikuntzarako teknikak.

Amaitzeko, Izaskun Bilbaok gogora ekarri du EAJ dela Europar Legebiltzarrera iristeko aukera duen euskal indar politiko bakarra " han , hemengo pertsonen interesak defendatuko ditugu ehuneko ehunean, bata zein bestea izan beren pentsamoldea. Gu gara eskaintza hori egiten dugun bakarrak, Europan zuzenean eragiten diguten hainbat gauza erabakitzen dira egunero. Europan asko dugu jokoan autogobernurako dugun gaitasuna sendotzeko eta hazteko. Eta, agerian geratu denez, hau Euzko Alderdi Jeltzaleak baino ez du defendatzen"