01 abril 2011

EAJ-PNV bajurako euskal arrantzaleekin bildu da sektorearen egoera aztertzeko. Bizkaia eta Gipuzkoako Federazioetako arrantzaleek berdelaren kanpainagatik duten haserrea erakutsi dute eta EAJ-PNVri adierazi dizkiote gaiaren inguruan dituzten kezkak. Bilboko EAJ-PNVren egoitzan Bizkaiko eta Gipuzkoako Kofradien Federazioetako ordezkariekin izandako bileran, baxurako sektorekoek Espainiar Gobernuak arrantza gaien inguruan eta hain zuzen ere berdelaren arrantza aldiaren inguruan mantentzen duten jarrerak sortarazi dien haserrea erakutsi dute. Bilera honetan Euskadiko baxura sektorearen egoera aztertu da eta Euzko Alderdi Jeltzaleari adierazi zaio baxurako sektorearen defentsan lan egin behar dela, sektorea bera desegiteko arriskuan baitago, Espainiar Exekutiboak Kantauriko arrantzaldien kudeaketan egiten duen lan eskasak eraginda. Bilera honetan, Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkaritzan izan dira EAJren Madrilgo Diputatu taldearen bozeramaile den Josu Erkoreka, Joseba Agirretxea arrantza gaietarako bozeramailea, Izaskun Bilbao EAJren eurolegebiltzarkidea eta Unai Rementeria Gasteizko ganberan arrantza gaietarako bozeramailea. Alderdiaren ordezkariek adierazi egin dute gai hau sakon aztertzeko duten borondatea eta behar besteko ekimenak aurkeztuko dituztela gure arrantzaleen baxurako jarduera zaintzeko. Defentsa lan hau ganbera legegile guztietan egingo dutela baieztatu dute eta une oro mantendu izan den harreman lerroa mantentzeko konpromisoa hartu dute. Amaitzeko, EAJ-PNVk agerian utzi Euskal Exekutiboak alde batera utzi duela gure arrantzaleen interesak defendatzeko lana, arazo hauek ez dizkio Espainiar Gobernuari adierazten eta ez du euskal baxurako sektorea Espainiako eta Europako gainerako sektoreen aurrean defendatzeko keinurik egiten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario