25 agosto 2010

Euzko Alderdi Jeltzaleak CiUren eta PPren zuzenketen aurkako botoa eman du eta abstenitu egin da Lan Erreformaren azken irizpenean.

Euzko Alderdi Jeltzaleak CiUk eta PPk Lan Erreformari dagokionez aurkeztu dituzten zuzenketen kontrako botoa eman du, ezen EAJren senatari Joseba Zubiak adierazi duenez, "zuzenketok gehiago gogortzen dute gobernu sozialistak planteatu duen Erreforma, eta hori beharginen bermeen aurka dago". Halaber, Euzko Alderdi Jeltzaleak azken irizpenaren botazioan abstenitzea erabaki du.

Euzko Alderdi Jeltzaleak Kongresuko tramitean erregistratutako 26 zuzenketetatik 19 aurkeztuko ditu Senatuan, ezen gainerakoak lehendik ere "onartu egin ziren edota transakziogai gertatu ziren" Ganbera honetan. Zubiak gaitzespenez adierazi duenez, "arinegi joan nahi izan dute tramite honetan, baina hori guztia ez da ezertarako izan".

Zubiak adierazi duenez, "ez dator inondik ere bat" lan-merkatua aldarazteko presazko neurriei buruzko proiektuan gobernu sozialistak planteatu duen Lan Erreforma gogortzearekin.

"Erreforma beharrezkoa da baina hemen aurkeztu dena osatu gabe dago. Ez dio ekiten, ekin beharrekoei. Desadostasun ezaren fruitua da. Gizarte solaskideen arteko elkarrizketaren porrotaren ondorioa da".

Senatari jeltzalearen ustez "desadostasun gabe lan arloan egiten den Erreforma oro, ibilbide eskasa dauka, baita hau ere. Gure ustez, Erreforma honek ez du langabeziaren arazoa konponduko". Zubiak gaineratu du baita, "gaur onartu diren emendakin bakarrak gureak izan direla".

No hay comentarios:

Publicar un comentario