24 octubre 2009


AUTONOMIA ESTATUTUA

Iñigo Urkullu Gernikan


Autonomia Estatutuak 30 urte bete ditu.
Betetzeko denbora nahikoa izan dugu.
Betetzeko agindua eman digute.

Zergatik ez da bete?
Osorik irakurrita, Madrilen ikaratu egiten duelako? Onartu berri zegoenean ere ikaratu egiten zuelako?

Irakur dezagun Estatutua.
Estatutuak dio Herri bat garela. Euskal Herria.
Herri bat, eta herri honen zati batek Erkidegoa osatu du, nazioa dela erakusteko.
Bere autogobernua lortu duen Herria.
Eta Estatutuak argi dio Euskal Herriak ez diela bere eskubide historikoei uko egiten. Berriro esango dut hau: Ez diegu uko egiten Herria garen aldetik dagozkigun Eskubide Historikoei
Idatzita eta onartuta dago: Euskal Herria, Aberria, Autogobernua eta Eskubide Historikoak.
Herriak onartu zuen duela 30 urte. Guk ez diogu ezeri uko egiten.

Estatutua Euskal Herriaren zati baten gauzatze politikoaren ariketa bat ahalbidetzen duen Ituna da, Euskadiren berezitasuna eta singulartasuna azpimarratzen du. Euskal Autonomia Erkidegoa- Euskadi den horren singulartasuna eta berezitasuna.

Estatutuak autogobernu eredu bat garatzeko aukera ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari. Orain arte ondo bete izan den autogobernua. Bizitza kalitatea hobetzeko balio diguna, denok hobeto bizi gaitezen.

Estatutua euskal politikagintzaren giltzarria izan da. Instituzioak ahalbidetu ditu, berreskuratze ekonomiko eta kulturalari aurre egitea erraztu du; eta, horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoa- Euskadiren egituratze soziala.
Hainbatetan esan da. Estatutua euskaldunen eta Estatuaren arteko bizikidetzarako itun politikoa izan zen.

Euskal gatazkak konponbidea lortzeko modu bat aurkitu zuen estatutuaren inguruan izan zen adostasunari ezker, lehenengo 1936 urtean eta, batez ere, 1979an Gernikako Estatutuari esker.
Estatutua ez zen inoren oparia izan.

Borrokatu behar izan genuen, negoziatu, adostu eta aplikatzen saiatu.
Estatutuaren zati bat gauzatu dugu. Autogobernuaren zati bat gauzatu dugu.
Zer instituzionalizazio, ze berezitasunean sakontze, ze garapen aipatuko genuke orain Gernikako Estatuturik izan ez bazen?
Eta, erakutsi egin dugu zenbat eta Estatutu gehiago, orduan eta aurrerapen eta garapen gehiago dugula.

Horregatik ez dugu ulertzen betetzerik eza. Ez betetzeko burugogorkeria hori.
Estatutua betetzea aurrera egitea da.
Estatutua gaur, bete gabeko Ituna da.
Estatutua, oraindik dago bete gabe.
Zergatik ez da Estatutua bete?
Ez da bete, irakurketak ikaratu egiten dituelako idatzi, bultzatu eta onartu zutenak. Mesfidantza eragiten die.

Eta bihar ospatuko da Estatutuaren jaia.
"Betetzerik ezaren jaia da". "Topagune nahasiaren jaia" Ibarretxe lehendakariak berak 2001eko urriaren 25ean Autogobernuaren inguruan ospatu zen Legebiltzarreko Osoko Bilkuran esan zuen legez.

Eta horren aurrean, gaur egun egokia da ideia bi azpimarratzeko. Bi konpromiso.
Lehenengo eta behin, Estatutuaren betepen osoa eskatzen jarraituko dugu.
Eta bigarren: Ez diogu xedapen bakar bati uko egingo, ez hasierakoari ez gehigarriari. Legeak dira, demokrazia da, Euskal Autonomi Erkidegoko Herriak onartu ditu.
Estatutua lotzen gaituen Legea da. Herriaren aurrean derrigortzen gaitu.
Estatutua euskaldun arteko topagunea izango da bere hitzak, bere mamia, berezko ahalmenak errespetatzen badira.
Batzuetan, borondate politikorik eza egotzi digute. Bestetan esan da gure jarrera "dena ala ezer" dela.

Iaz ere, beti bezala, guk borondate politikoa erakutsi genuen. Aurten ere bai.
Iaz, Berrikuntza eta Ikerkuntza Zientifikoaren transferentziari ekin genion.
Eta aurten, gardentasuna baino ez dugu eskatu Enplegurako Politika Aktiboen transferentziari ekiteko orduan. Gizarte osoaren onerako, kolore bateko edo besteko Eusko Jaurlaritzak baliabide ekonomiko gehiago izan ditzan, garapenerako tresna gehiago izan ditzan.
Garrantzizko eredua dugu.
Kontzertu ekonomikoa eredu bat da.
Akordiorako markoa eskaintzen digu.
Euskal singulartasuna errespetatzen duen izate berezia da.
Eskubide historikoari erantzuten dio .
Alde bikoa da.
Eta, eraginkorra da. Denontzako garapen eta aurrerapenerako balio izan digu.
Eredu hau, harreman politikoaren esparrura eramatea proposatzen dugu.
Akordiorako marko bat lantzea.

Euskal berezitasuna errespetatuko duena.
Eskubide historikoen irakurketa eguneratua egingo duena.
Alde bikoa. Elkarrekiko izaera duena.
Eta bizikidetzarako eraginkorra izango dena.
Gernikan gaude gaur. Iaz, bihar urte bat betetzen delarik, egon ginen bezala Euskal Herria Bai, Bakea Bai eta Erabakiari Bai aldarrikatzen geundenean. Orain ere, beti egin dugun moduan, bakearekiko dugun konpromiso historikoa berretsi nahi dugu, bide politiko eta demokratikoekin dugun konpromisoa. Gure gaitzespenik sendoena terrorismoari eta biktima guztiekiko gure solidariotasunik zintzoena.

Bakea nahi dugu. Bakea behar dugu.
Gure konpromisoa bakea eta bizikidetza da.
Betidanik esan dugu. Nortasuna eta bortxakeria oso gauza ezberdinak dira; terrorismoa ez da gatazka politiko baten ondorio naturala; zeozer bada ere, terrorismoa haren perbertsioa izango da. Eta, zentzu berean, beti mantendu izan dugu bortxakeria desagertzeak ez duela berez konponduko Ardanza Lehendakariaren garaiko Ajuria Eneako Hitzarmen hark "euskal gatazka sakona" hitzarekin definitu zuena. Ezin dugu onartu ETAk euskal gatazkaren inguruan duen interpretazioa inposatzerik, eta ezin dugu onartu ETAren esku uzterik demokraten artean konpondu behar ditugun gaiekin amaitzeko egutegia eta modua erabakitzea.
Hainbat belaunaldi gaude hemen Estatutuaren inguruan.
Osorik nahi dugu.

Euskadi egiten duelako.

Egunetik egunera egiten duelako, autogobernutik bertatik.
Euskal Herriarengan konfiantza duelako.

Hainbat belaunaldi eta, beraz, tresna berriak aldarrikatzen dituen gizarte berri bat.
Hitzarmen eta adostasunera iristeko dugun borondatea mantentzen jarraituko dugu, autogobernuak bere oinarriak behar dituelako; alde batetik denontzako etorkizunaren gaineko erabakiak hartzeko askatasunean, eta bestetik, euskal gizarte barruan eta estatuarekin adostasunera iristeko borondatean. Oraindik ere pentsatzen dugu hitzarmena dela gizarte aurreratuetan joko arauak ezartzeko prozedura. Pentsamolde aurrerakoienek munduaren eraketa berrirako eskatzen diguten aldeaniztasun hori ere, guri eskatu ahal zaigu orain gure gizarte hauek antolatzeko orduan.

Euskadiren autogobernua benetako topagunea izatea nahi dugu, denek propiotzat sentitu eta bereganatu dezaten. Euskadiren etorkizuna, prozedura demokratikoaren benetako ardatza osatzen duten bi elementuen gainean errotu behar da: erabakitzeko eskubidea onartzea eta itun politikoarekiko konpromisoa. Harreman eredu berri batetan oinarritutako Itun bat, Gernika-ko Estatututik eratorritako Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatuto Politiko Berriak aurrikusten duen bezela.

Estatutua osorik. Ez diogu ezeri uko egiten.
Hemen dugu agindua, eredua eta betetzeko borondatea.
Herriarengan dugu sinesmena. Bere autogobernuan. Herri honek bere eraikuntzarako momentuoro behar dituen eta erabagitako tresnengan. Erabakitzeko duen gaitasunean. Erabagitzearen gauzatze eta betetzean. Demokrazian sinesten dugu.
Euskadi-rengan sinesten dugu.

Gora Euskadi Askatuta!